XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

II. FREUD ETA PSIKOANALISIA.

A) SARRERAKO OHARRAK.

Psikoanalisi hitza Freud-ek erabili zuen lehen aldiz 1896an argitaratutako artikulu batetan.

Antzeko zentzuz erabiliak zituen lehenago ere metodo katartikoa eta azterketa psikikoa esamoldeak.

Geroago, hitz honen zentzua zabalduz joan zen eta gaurregun esamolde honek hiru esanahi berezi ditu: - Hastapenetan, psikoanalisia, nerbioetako gaisotasun- edo neurosi-mota batzu, batik bat histeria, sendatzeko metodoa zen.

Gaisotasun horien ezaugarririk nabarmenena, hauxe da: pazienteengan ez dela azaltzen inolako kalte organikorik ezta infekzio zehatzik ere.

- Psikoanalisiaren bigarren zentzua zuzenki lotzen zaio terapiaren interpretazio honi.

Izan ere, bere burua zientifikotzat duen metodo sendagarria denez, psikoanalisia patologiazko sintoma mugatuez eta zentzua emateko gai diren ikerketarako tresna teorikoez horniturik dago.

Era honetan, psikoanalisia gure bizitza psikikoaren egitura azaltzen duen eredu gisa agertzen da.

Biologiaren aztergaiak diren gorputzaren neurologi baldintzak alde batera utzi eta bizitza psikikoaren egituran partehartzen duten indarrak eta hauen artean sortzen diren gatazkak ikertzen ditu psikoanalisiak.

Psikoanalisiak, nortasunaren teoria denez, kontzientzian zuzenean agertzen zaizkigunetan baino sakonago eta zehazkiago ulertzen ditu giza ekintzak.

Kontzientzian agertzen zaiguna ez da beti argia eta koherentea izaten.

Batzutan gure ohizko jokabidea hausten diguten indarrengatik menperatuak sentitzen gara.

Beste batzuetan gure baitan asaldaturik egoten gara, barne-gatazken eraginarengatik.

Egoera hauek neurotikoengan era larriz agertu arren, ez dagozkie horiei soilik, pertsona normaletan ezkutatuagoak agertzen dira eta.

Edonola, kasu batzuetan zein besteetan, kontzientzia ez da gauza egoera horiek argitzeko.

Izan ere, psikoanalisiarentzat, kontzientzian gertatzen denaren faktore determinatzaileak, kontzientziatik at, inkontziente mailan alegia, bilatu behar ditugu.